Fairy Oak herri lanbrotsu eta magikoan lasai bizi dira, elkarlanean, izaki magikoak eta gizakiak. Familiako ohiturari jarraituz, L. Tomelilla sorginak Feli maitagarri txiki eta argitsuari eskatzen dio iloba bikien zaintza, soldata eta etxebizitzaren truke. Hortaz, Perwinkle etxean, bikien ardura hartzen du erantzukizun Felik. Ahizpak, bereziak dira jaiotza une beretik, izan ere 12 orduko tartean jaioak baitira. Gertaera horrek, sorgin araudiaren arabera, baldintza dezake haurren sorgin izaera, eta hori kezkagarria da helduentzat. Hala era, bikien bizitza lasaia eta zoriontsua da, arrunta eta ahalmen magikoren aztarnarik erakutsi gabe. Banillak eta Pervinkak izaera guztiz ezberdina erakusten dute, batzuetan, euren arteko eztabaida eta erribalitatea sortuz. Dena dela, eguneroko liskar txikiak ez dira arazo, benetan herria beldurtzen duen 21eko ikaragarriarekin konparatuz. Udako solstizioaren ospakizunaren atarian hasten dira ezbeharrak eta beldurrak. Horretan, ordea, agertzen dira ahizpen ahalmen magikoak: Banilla argitasunaren ahalmena erakutsiz, eta Pervinka, berriz, iluntasunarena. Hortik aurrera, etengabe gertatzen dira egoera korapilatsuak... Idazleak hizkuntza ulergarria erabili du, modu bitxian bereizi du gizakien eta izaki magikoen hitza. Maitagarrien mezuak hitz elkartuen bitartez adierazi ditu, bestalde letra larria erabili du emozioak bereziki azpimarratzeko. Nire ustez, argumentu korapilatsuegia da.Gertaera nagusiez gain, asko dira ekintzak eta elkarrizketak, luzeegiak askotan. Pertsonai nagusiez gain, asko dira izenez aipatzen direnak. Ez zait oso gustagarria egin, aspergarria zenbait momentuan. Modako gaia, sorginkeriak eta magia, lantzen duenez, gustagarria izango da gaztetxoentzat. Oso bitxia iruditu zait orri artean dagoen marrazki-argazki bilduma; antzinako moduan, eskoziar estiloko oihalean josita agertzen dira herriko biztanle nagusien argazkiak.