Hotzikarak diskoan badira oroimenean arramazka egin eta sentipen garratzak berpizten dituzten kantuak. Eta badira leun barneratzen direnak, baita minak eta damuak osatzen laguntzen dutenak ere. Entzulearen erraietara iristeko, bere ahotsaren sakontasunaz eta heldutasunaz baliatzen da Petti, eta musika erabiltzen du emozioen katalizatzaile gisa.
Etxeko Uzta banda izan du bidelagun, hau da, Joseba Irazoki (gitarra), Iñigo Telletxea (baxua) eta Igor Telletxea (bateria), eta denen artean rock doinu sendoak ehundu dituzte, folk eta blues zipriztinekin. Halaber, konplize izan ditu Joseba Baleztena, Felix Buff, Xan Bidegain eta Txus Aranburu musikariak, eta Estitxu Pinatxo abeslaria.
Hitzak josten, berriz, Petti beraz gain, Harkaitz Cano, Eneko Barberena, Juan Luis Zabala, Beñardo Goietxe eta Pello Lizarralde aritu dira.
Elkarren estudioetan grabatu, nahastu eta masterizatu dute soinua, Víctor Sánchez teknikariaren gidaritzapean.
Guztira, hamar kantu eta hamaika zirrara, disko bakarrean: Hotzikarak.